Sarkopenia
| Sarkopenia | |
|---|---|
| Deskribapena | |
| Mota | muscle atrophy (en) neke muskularra |
| Espezialitatea | geriatria |
| Identifikatzaileak | |
| GNS-10-MK | M62.84 |
| GNS-10 | M62.8 |
| MeSH | D055948 |
Sarkopenia (grekozko σάρχ sarx, "haragia", eta πεννία penia, "pobrezia" edo "eskasia") hitzez hitz haragi-eskasia esan nahi duen termino mediko bat da. Berez ez da gaixotasun bat, baizik eta zahartzean muskulu eskeletikoaren masaren ohiko galera izendatzeko terminoa, Irwin H. Rosenberg ikerlariak 1989an lehen aldiz erabili zuena.[1]
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Etiologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Andrew R. Marksek-eta Columbiako Unibertsitateko Zentro Medikoan (Ameriketako Estatu Batuak) saguen gainean eginiko azterketa konparatibo baten arabera, muskulu-zeluletako proteina-multzo jakin batek kaltzio-galeraren ondorioz agertzen da sarkopenia. Horrek gertaera-kate bat aktibatzen du, azkenean, muskulu-zuntzen uzkurtze-ahalmena mugatzen duena. Kaltzio-galera horretan rianodinaren hartzaileek parte hartzen dute , gorputzeko ehun askotan dauden kaltzio-kanalak.
Fisiopatologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Muskulu-masa eskeletikoa eta muskulu-funtzioa (indarra edo errendimendua) pixkanaka eta modu orokortuan galtzen dira, bizi-kalitatearen kaltetan. 30 urtetik aurrera, hamarkada bakoitzeko % 3-8ko galera izaten da: gantzak muskulua ordezkatzen du, eta muskulu-masaren galera azkartu egiten da 50 urtetik aurrera, urtean % 1-2 inguru jaitsiz; 60 urtetik aurrera % 3 urteko.[2] Izter aurreko eta abdomeneko muskuluetan bereziki esanguratsua izaten denez, gorputz atal horietako sarkopenia arazoaren abisu goiztiar bezala har daiteke.[3] Batzuetan ez da begi bistakoa izaten, gorputzaren gantza proportzioa handitzeak edo edemek arazoa ezkuta baitezakete.[4]
Beste arazoekin duen harremana
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kakexiarekin batera gerta daitekeen arren, ez da fenomeno bera: kakexia zenbait gaixotasunetan muskulua degradatu egiten den zitokinek eragindako prozesua da, hala nola minbizian edo immunoeskasian.
Sarkopenia hauskortasun sindromearen baitan (frailty syndrome) presente dauden arazo konkomitanteetatik bat da.[5]
Osasun publikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sarkopenia osasun publiko arloan aintzat hartzen hasia da, populazioaren zahartzearekin batera eta ezintasuna, erorketak edo hilkortasuna bezalako faktoreekin lotuta dagoenez. Baita infekzio-arrisku handiagoarekin, immunitatea murriztearekin eta zauriak gaizki orbaintzearekin ere. Izan ere, faktore guzti hauek arreta instituzionalaren beharra eta osasun-kostuak handitzea dakartzate.[1]
Sailkapenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sarkopenia bi talde handitan sailkatzen da, fisiopatologiaren arabera:[6][7][8]
- Sarkopenia primarioa. Zahartze-prozesuan gertatzen den muskulu eskeletikoaren funtzio eta masa-galera.
- Sarkopenia sekundarioa. Azpian gaixotasun bat edo medikazio bat dagoelako.
European Working Group on Sarcopenia in Older People (EWGSOP) delakoak sarkopeniaren lehen definizio kliniko bat garatu zuen 2010ean, 2019an eguneratu zena. Hala, muskulu-indarra galtzea hiru mailatan sailka daiteke:
- Hura izateko probabilitatea (sarkopenia probablea).
- Muskulu kantitatea edo kalitatea galtzen hasia (sarkopenia egiaztatua).
- Egoera fisikoaren higadura (sarkopenia larria).
Diagnostikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sarkopeniaren diagnostiko klinikoa egitea zaila da, arrazoi hauengatik:
- Ez dago muskulu-masaren galeraren erreferentzia estandarrik.
- Ez dago sarkopenia diagnostikatzeko onartutako proba klinikorik.
- Ez dago sarkopenian gertatzen den galera funtzionalaren hipotesi onarturik.
Zenbait teknikek muskulu-masa zientifikoki kuantifikatzeko aukera ematen dute: X izpien absortziometria dualak (DEXA), abdomeneko TACak eta zangosagarraren perimetroaren neurketak. Inpedantzia bioelektrikoaren analisia ere erabili izan da, Anaszewiczek-eta 2019an argitaratu bezala.
Baumgartnerrek-eta sarkopenia definitzeko irizpide bat argitaratu zuten, heldu gazte osasuntsu baten batez besteko bi neurritan oinarrituta,[9] hala nola oinezko abiadura, 6 minutuan eginiko distantzia edo oratze-indarra.[10] Oratze-indarra bera, nahiz eta informazio-iturri mugatua izan, predikzio-balio oneko neurria da.[11] Proba funtzionaletan oinarritutako testak ere erabili izan dira: oinez ibiltzea, eskailerak igotzea eta aulkitik jaikitzea konbinatuz, adibidez.[12]
Tratamendua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sarkopenia murrizteko estrategien artean, elikadura zaintzea dago: proteinak (haragia, arrautza, arraina, esnekiak, lekaleak, oleaginosoak), mikronutrienteak (bitaminak eta mineralak), murrizketa kalorikoa, antiinflamatorioak eta antioxidatzaileak. Zahartzaroan gaitasun fisikoa hobetzea ere berebizikoa da: lehen aipatu elikagaiak asimilatzen laguntzeaz gain, sarkopenia eta osteoporosia prebenitzeko lehen mailako faktorea da, femur-lepoaren hausturak eta gaixotasun kardiobaskularrak[13] izateko aukerak ere murriztuz.
Ariketa fisikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sarkopenia prebenitzeko eta tratatzeko neurririk eraginkorrena muskuluen indarra eta erresistentzia lantzea dela onartzen da. Halere, kasuen arteko aldaketa handiek eraginkortasun hori objektiboki neurtzea, edo paziente guztiendako balekoak diren protokoloak ezartzea eragozten dute.[14]
Erresistentzia ariketak funtzionaltasuna hobetzen du (lurretik altxatu, eskailerak igotzea...); erorikoak saihesten ditu; intsulinarekiko erresistentzia eta profil lipidikoa hobetzen ditu; eta narriadura kognitiboa prebenitzen du. Jarduera fisikoa gutxienez astean 3 aldiz egitea gomendatzen da. Autonomia mantentzen duten adinekoetan, muskulu-hipertrofia bilatuko da, 8-12 errepikapeneko 1-3 serie eginez, 8-10 muskulu-talde handienekin, indar maximoaren %70-80ko intentsitatearekin edo muskulu multzo horrekin egin daitekeen errepikapen maximoarekin (1RM), serieen artean minutu bateko atsedena hartuta. Erresistentzia-entrenamenduaren edo hipertrofiaren onurak 11 asteko entrenamenduaren ostean nabari ohi dira.
Farmakoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sarkopenia eragozteko hainbat farmako erabiltzen badira ere (esteroide anabolikoak, hazkunde-hormona...), ebidentzia ahula da eta ez dago onartutako tratamendu farmakologikorik.[15]
Elikadura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kaloriak eta proteinak hartzea estimulu garrantzitsua da muskulu-proteinen sintesirako. Adineko pertsona helduek ezin dutenez proteina gazteenek bezain eraginkorki erabili, muskulu-atrofia saihesteko kantitate handiagoak behar dituzte. Horrenbestez, dieta errebisatzea sarkopeniaren prebentziorako laguntza sinple, merke eta albo-ondoriorik gabekoa izan daiteke.[16]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1 2 Cruz-Jentoft, Alfonso J.; Baeyens, Jean Pierre; Bauer, Jürgen M.; Boirie, Yves; Cederholm, Tommy; Landi, Francesco; Martin, Finbarr C.; Michel, Jean-Pierre et al.. (2010-07). «Sarcopenia: European consensus on definition and diagnosis: Report of the European Working Group on Sarcopenia in Older People» Age and Ageing 39 (4): 412–423. doi:. ISSN 1468-2834. PMID 20392703. PMC 2886201. (kontsulta data: 2025-04-20).
- ↑ Rolland Y, Vellas B. « La sarcopénie » La Revue de Médecine Interne 2009 févr;30(2):150-60.
- ↑ Beaudart, Charlotte; Zaaria, Myriam; Pasleau, Françoise; Reginster, Jean-Yves; Bruyère, Olivier. (2017). «Health Outcomes of Sarcopenia: A Systematic Review and Meta-Analysis» PloS One 12 (1): e0169548. doi:. ISSN 1932-6203. PMID 28095426. PMC 5240970. (kontsulta data: 2025-04-20).
- ↑ Ranasinghe, Chathuranga; Gamage, Prasanna; Katulanda, Prasad; Andraweera, Nalinda; Thilakarathne, Sithira; Tharanga, Praveen. (2013-09-03). «Relationship between Body Mass Index (BMI) and body fat percentage, estimated by bioelectrical impedance, in a group of Sri Lankan adults: a cross sectional study» BMC public health 13: 797. doi:. ISSN 1471-2458. PMID 24004464. PMC 3766672. (kontsulta data: 2025-04-20).
- ↑ (Ingelesez) Peterson, Sarah J.; Mozer, Marisa. (2017). «Differentiating Sarcopenia and Cachexia Among Patients With Cancer» Nutrition in Clinical Practice 32 (1): 30–39. doi:. ISSN 1941-2452. (kontsulta data: 2025-04-20).
- ↑ Minetto MA, Giannini A, McConnell R, Busso C, Torre G, Massazza G. (23 de abril de 2020). «Common Musculoskeletal Disorders in the Elderly: The Star Triad» J Clin Med 9 (4): 1216. doi:. PMID 32340331..
- ↑ Sarcopenia en ancianos: Causas, síntomas y tratamiento. .
- ↑ Bermúdez, Christopher Rojas; Vargas, Aldair Buckcanan; Jiménez, Gabriela Benavides. (2019-05-01). «Sarcopenia: abordaje integral del adulto mayor: Revisión de tema.» Revista Medica Sinergia 4 (5): 24–34. doi:. ISSN 2215-5279..
- ↑ Baumgartner RN, Koehler KM, Gallagher D, et al.. (abril de 1998). «Epidemiology of sarcopenia among the elderly in New Mexico» Am. J. Epidemiol. 147 (8): 755–63. PMID 9554417..
- ↑ Anker, Stefan D.; Morley, John E.; von Haehling, Stephan. (2016-12). «Welcome to the ICD-10 code for sarcopenia» Journal of Cachexia, Sarcopenia and Muscle 7 (5): 512–514. doi:. ISSN 2190-6009. PMID 27891296. PMC 5114626. (kontsulta data: 2025-04-20).
- ↑ (Ingelesez) Sayer, Avan Aihie. (2010-08-10). «Sarcopenia» BMJ 341: c4097. doi:. ISSN 0959-8138. PMID 20699307. (kontsulta data: 2025-04-20).
- ↑ Malmstrom, Theodore K.; Miller, Douglas K.; Simonsick, Eleanor M.; Ferrucci, Luigi; Morley, John E.. (2016-03). «SARC-F: a symptom score to predict persons with sarcopenia at risk for poor functional outcomes» Journal of Cachexia, Sarcopenia and Muscle 7 (1): 28–36. doi:. ISSN 2190-5991. PMID 27066316. PMC 4799853. (kontsulta data: 2025-04-20).
- ↑ Abate M, Di Iorio A, Di Renzo D, Paganelli R, Saggini R, Abate G. (septiembre de 2007). «Frailty in the elderly: the physical dimension» Eura Medicophys 43 (3): 407–15. PMID 17117147..
- ↑ Sayer, Avan Aihie. (2014-11-01). «Sarcopenia the new geriatric giant: time to translate research findings into clinical practice» Age and Ageing 43 (6): 736–737. doi:. ISSN 0002-0729. (kontsulta data: 2025-04-20).
- ↑ Phillips, Stuart M.. (2015-07). «Nutritional supplements in support of resistance exercise to counter age-related sarcopenia» Advances in Nutrition (Bethesda, Md.) 6 (4): 452–460. doi:. ISSN 2156-5376. PMID 26178029. PMC 4496741. (kontsulta data: 2025-04-20).
- ↑ Tessier, Anne-Julie; Chevalier, Stéphanie. (2018-08-16). «An Update on Protein, Leucine, Omega-3 Fatty Acids, and Vitamin D in the Prevention and Treatment of Sarcopenia and Functional Decline» Nutrients 10 (8): 1099. doi:. ISSN 2072-6643. PMID 30115829. PMC 6116139. (kontsulta data: 2025-04-20).